Gogoratzen dut nola gu txikitan, eskolan geundenean, noizean behin informatika gelara joaten ginen eta han ordenagailu zahar eta handi batzuekin ariketa batzuk egiten genituen. Ariketa haiek egiteko, binaka jartzen ginen ordenagailu aurrean. Izan ere, ez geneukan ordenagailu nahikorik guztiontzat.
Ordenagailu aurrean ematen genituen ordu haietan oso ondo pasatzen genuen, jolasordua bailitzan pasatzen zitzaizkigun minutuak, segunduak. Marrazkirik politenak nork egiten zituen bozkatzen genuen, jolas-ariketak nork lehenago bukatu lehiatzen ginen...ikasi ahala asko disfrutatzen genuen.
Hala ere, ikasgela hartatik atera eta gailu haiek ez genituen erabiltzen, jolasteko baino ez genituen erabiltzen eta. Beste ikasgaietan, beraz, ez genuen ez ordenagailurik ez antzeko makinarik ikusten. ez genuen ulertzen ikasgai haren benetako helburua zein zen. Ikasgai isolatua zen.
Urteak aurrera joan ahala eta teknologia berriek indarra hartu ahala,ordenagailuek jolasteko ez ezik ikasteko ere balio zutela ulertu genuen. Orduan lanak egiteko erabiltzen hasi ginen; bai laburpenak egiteko, bai argazkiak bilatzeko, bai entziklopedia digitalean informazioa bilatzeko...Geroztik etengabe erabili dugun makina izan da ordenagailua eta ez bakarrik hezkuntza arloan, jadanik gure egunekotasunean normaltasun osoz erabiltzen baitugu.
Normaltasun osoz erabiltzen dugu, bai, baina bere garapena oso azkar doa eta egunean egunean aplikazio, tresna, programa... berri asko jaiotzen dira eta horiek ikasi gabe edota existitu direla jakin gabe ezin gara geratu irakaskuntza arloan lan egin nahi badugu. Eta hori ikasi dut nik ikasgai honetan. Irakaskuntza lehiakorra izateko ezinbestekoa da teknologia berriak eta berak ematen dizkigun aukerak ezagutzea. Irakaskuntza hori eraginkorra eta gaurkoa izateko, gaurko tresnak erabiltzen jakin behar ditugu. Eta ez soilik informatika irakasleek, lehen nire eskolan izaten zen moduan; baizik eta irakasle guztiok daukagu hori ezagutzeko beharra. Guztiok jakin behar ditugu teknologia berriak gure arlora ekartzen. Ezin dugu utzi informatika ikasgai isolatu bat izaten, informatika guztien oinarrian egon behar da.
Aipatutakoa lortzeko, oinarrizko jakintza batzuk ezagutzeko eta erabiltzen ikasteko, oso baliagarri iruditu zait ikasgai hau. Izan ere, berau gainditzeko egin beharreko ariketak egiteko tresna desberdinak saltseatu eta erabili ditugu. Ideia nagusi bat egiteko balio izan dit eta hauek erabiltzeko gogoa piztu dit. Eta etorkizunean, nire ikasleak izango direnei, hauek erabiltzeko gogoa piztu diezaiedan espero dut.
No hay comentarios:
Publicar un comentario