Hurrengo lerroetan, Jose Antonio Millan autoreak idatzitako Hacia la escuela 2.0. Proyectos con programas gratuitos para formar ciudadanos de la Sociedad del Conocimiento lanaren gainean hausnarketa txiki bat idatziko dut. Horretarako bost hitz gako, bi galderatxo eta liburuaren sintexi labur bat aipatuko ditut lehenik eta ondoren hausnarketa egingo dut.
a) 5 hitz gako:
Teknologia berriak
Baliabideak
Arina
Asinkronikoa
Interdisziplinarra
b) 2 galderatxo:
Gure datu pertsonalak direla eta, interneten badago hauek babesteko sortutako pribatutasun lizentziarik, baina benetan seguruak ote dira?
Eta gure gazteak eta gu geu, konturatzen al gara benetan igotzen dugun informazioa noraino heldu ahal den?
c) Sintesi txikia:
Jose Antonio Millán autoreak bere liburutxo honetan, eskola eta teknologia berriak nola batu daitezkeen komentatzen du. Batez ere, 2.0 eskola sortzeko, erabili beharreko existitzen diren baliabideak aipatzen ditu. Beraz, eskola 2.0 sortzeko asmotan, sarean dauden baliabideen erabilera desberdinak proposatzen dizkigu. Bere proposamenen artean bakarka eta taldean egiteko proiektuak erakusten dizkigu.
Proiektuok gauzatzeko gomendatzen dituen tresnak honako hauek dira: google docs, wiki, wikipedia, flickr, fuzzmail, blogger, google maps, yourgmap. Tresna horiek zertarako erabiltzen diren eta zertarako erabil daitezkeen aipatzen du. Baita, arestian esan bezala, taldeka edo bakarka egin daitekeen proiektu bat ere. Bukatzeko, ohar batzuk aipatzen ditu.
Berak idatzitako tesi honetan argi uzten duenez, ez da nahikoa ordenagailuak eskolara eramatea eta sarean konektatzea. Eskola 2.0 izaeradun eskola bat sortzeko hori baino gehiago behar da. Horrek ordenagailua erabiltzen dakiten eta nabigatzen dakiten ikasle soilak besterik ez ditu sortuko. Eta eskola 2.0rantz hurbildu nahi badugu, gaur egungo teknologia berrien eta komunikazioen erabilera egokia egin behar dugu eta horren bidez ikasleen gaitasunak aberastu. Izan ere, badaude diseinatuta eskola curriculuma osatzeko baliagarriak diren aplikazioak.
c) Hausnarketa:
Irakurgai hau irakurri ostean, uste dut nahiko argi geratzen dela irakasleok teknologia berrien tren berri hau hartu beharra dugula. Baina argi eduki behar dugu zein helbururekin hartuko dugun eta horren arabera iragazki bat pasatu. Izan ere, hain da handia sareak ematen digun posibilitatea, non aukeraketan gal gaitezkeen. Beraz, argi ibiliz gero, internetek ematen dizkigun aukerak aberatsak baino aberatsagoak direla konturatuko gara. Eta hori da, hain zuzen ere, gure ikasleei helarazi behar dieguna.
Eta gainera, Jose Antonio Millan autoreak aipatzen duen legez, gauza interesgarri bat izan daiteke tresna horien erabilera ikasleentzat. Izan ere, haiek egunerokotasunean erabiltzen dituzte. Hori dela eta, euskara irakasle naizen aldetik, oso probetxugarria ikusten dut mundu hau ikasleengan euskararekiko interesa pizteko ere. Izan ere, teknologia berriak erakargarriak dira ikasleentzat eta horien bidez euskarak horiek ere badituela erakusten diegu. Horrela, gainera, bi mundu hauek uztargarriak direla argi geratzen da.
Ondorioz, bi lan dauzkagu; bata ikasleei teknologia berrien erabilera pedagogikoa bideratzea eta bestea, euskarak teknologia berrietan presentzia izatea.

No hay comentarios:
Publicar un comentario